María Ángeles Durán Heras.en biografia

[Biografi aipamenera joan]

María Ángeles Durán Heras.

María Ángeles DURÁN

Madril, 1942

Zientzia Politikoak eta Ekonomikoak ikasi zituen, eta Zientzia Politikoetan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta Valentziako eta Granadako Unibertsitateek Honoris Causa doktore izendatu dute.

Bere doktorego-tesiak, “Emakumeon lana” (“El trabajo de las mujeres”) izenekoak, Espainiako emakumeen bizitzako eragile sozialen ikerketa sistematikoaren hasiera markatu zuen. Ikerketa- eta hezkuntza-egonaldiak egin ditu honako unibertsitate hauetan: Michigan, Cambridge, Washington (Seattle), PUC (Rio de Janeiro), Florentziako Institutu Europarrean, Pariseko Eskola Espainiarrean eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan. Nazioarteko hainbat erakunderekin ari da elkarlanean, besteak beste, UNESCOrekin, Osasunaren Mundu Erakundearekin, ONU Mujeres elkartearekin eta CEPALekin.

Bere ikerketa-arlo nagusia soziologiaren eta ekonomiaren arteko muga da, batez ere ordainik gabeko lana. Aitzindaria da zenbait arlotan; adibidez, Espainian Soziologiako lehen emakume katedraduna izan zen. 1987. urtean Ikerketa Zientifikoen Goi-mailako Kontseiluko kide bilakatu zen, ikerketa-irakasle gisa. Egun, lanean jarraitzen du, ad honorem, Gizarte eta Giza Zientzien Zentroan.

Espainiako Soziologia Federazioaren burua izan da(1998-2001), International Sociological Association elkartearen batzorde betearazleko kidea, Emakumearen Ikerketen Mintegiko burua eta Generoko eta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasuneko Politikei buruzko katedraren burua (UAM unibertsitatean, 2010-2013).

Bere lanak ospe handia lortu du, hezkuntzaren arlotik kanpo ere bai; besteak beste, sari hauek jaso ditu: Pascual Madoz Zientzia Juridiko Sozial eta Ekonomikoetan Ikerketa Sari Nazionala; Extremadurako Domina; Lanaren Urrezko Domina; Argentinako Errepublikako Senatuaren Juana Azurduy saria; Madrilgo Udalaren Clara Campoamor saria; Ohorezko Elkargokidea Madrilgo Arkitektoen Elkargoan; Osasunaren aldeko Kultura saria (ADEPS); Mensajeros de la Paz saria eta Protagonistas saria (azken hau komunikabideek emandakoa, ikertzaileen modalitatean). 2004an, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak María Ángeles Durán saria sortu zuen, sormen teoriko zein metodologikoa sustatzeko eta generoaren arloko ikerketen kalitatea hobetzeko.

Berrehun argitalpen baino gehiago egin ditu, horien artean, liburu hauek: “Los costes invisibles de la enfermedad”; “El trabajo no remunerado en la economía global”; “Si Aristóteles levantara la cabeza”; “La investigación sobre el uso del tiempo”; “La ciudad compartida”; eta “La riqueza invisible del cuidado”. Ikerketa-ekintzaren aldekoa da; hori dela eta, bere lanetan, batetik, behaketa enpirikoaren zorroztasuna aldarrikatzen du, eta, bestetik, sormena eta konpromiso soziala.

 

arrow_back